Aspaldiko asmoa dugu IKAn, euskara dakienak gaztelaniara jo beharrik izan ez dezan guztiok euskara ulertu bederen egin dezagula. Elkar ulertzeko, gaur, erdara beharrezkoa dugu eta gure nahia bai gaztelera, bai euskara, biak, helburu honetarako baliagarriak izatea da, eta horretarako ezinbestekoa da guztiok bi hizkuntzak ulertzea.
Badakigu liburuxka honen bidez , “Euskaran sartu” honen bidez, ez dugula helburu hori erdietsiko. Baina, lehenengo pauso txikia da bide horretan. Izan ere, liburuxka hau izanen da etxe askotan euskaraz sartzen den gauza bakarrenetakoa. Beraz, euskara beste hizkuntzetatik bereizteko eta ezagutarazteko tresna bat da liburuxka hau.
Baina, batez ere, gure helburua jende askok euskara ikasteari dion beldurra galaraztea da, ez dela batzuek uste bezain zaila erakustera dator, eta, era berean, dugun adina dugula, gehiago edo gutxiago, denok ikas dezakegula, azaldu nahi dugu.
Eta azken helburua, noski, eskoletara, IKAko euskaltegietara, hurbil daitezen gonbidatzea da. Erdaldunendako egina bada ere, euskaldunen batek badakigu alfabetatzen hasteko lagungarri gisa hartu duela. Horrelakoetarako balio baldin badu, ongi etorria, nahiz eta gure ustean alfabetatzea helburu duen liburuak beste ezaugarri batzuk beharko lituzkeen.
Liburua gomendio batekin hasten da, euskaldunak euskaraz ez dakienari liburu hau opari egin diezaion eskatuz. Gero sarrera txiki bat du liburua aurkeztuz eta nola erabili azalduz. Eta ondoren, elkarrizketa txikiz osatua dago, hainbat egoera eta tokitan erabil litezkeen elkarrizketak, hala nola, karrikan, dendan, tabernan, osasun-etxean, banketxean, zineman, autobusean... Elkarrizketa horietan erabiltzen dugun hiztegitxoa ere agertzen da. Kortesiazko esaldiak, hilabeteen eta egunen izenak, zenbakiak, karriketako karteletan ikus dezaketen hainbat mezu... Guztien erdarazko itzulpena ere badakar eta zenbait marrazki ere bai. Elkarrizketak ez dira hitzez hitz edo esaldiz esaldi itzultzen, baizik eta elkarrizketaz elkarrizketa.